Zirrarak
Aukeratutako errepertorioa adierazkorra eta iradokitzailea da. Horregatik, arte plastikoekin eta dantzarekin batera taularatzeko ezin hobea dela esango genuke. Horrela, espazio berean hainbat diziplina elkartzeak esperientzia borobilagoa bizitzeko aukera emango dio ikusleari. Claude Debussyren Prélude à l’après-midi d’un faune obra interpretatuko dugu, Stéphane Mallarméren poema batean inspiratutako poema sinfonikoa. Pierre Boulezen arabera, obra honek musika modernoaren hasiera markatu zuen, eta hainbat balletetarako inspirazio iturri izan da. Musikak proposatzen duen eszena udako arratsalde bero batean girotuta dago, ninfen bila korrika ibiltzeaz nekatuta, fauno baten esnatze nagia deskribatzen duela. Azkenean, landa erdian siesta egitea erabakitzen du. Ondoren, Darius Milhaud eta Germaine Tailleferre konpositoreen obrak ere entzungo ditugu. Biak Les Six taldeko kide izan ziren, sei konpositore frantsesez osatutako taldea. Ez zuten zertan estiloa partekatu, baina bai espazioa, garaia eta haien arteko harreman pertsonala. Milhaud-en La Création du Monde obra entzungo dugu. Karga programatiko handiko lana da, eta bertan sorkuntzaren aurreko kaosa, zuhaitzen ernamuina, animalien jaiotza, hainbat jainkok sorginkeria magikoak egitea eta gizon eta emakumearen jaiotza irudikatzen dira. Azken hauek dantzaren eta desiraren bidez, musu batean elkartu eta isolatuta geratzen dira, udaberria sortzen den bitartean. Tailleferre konpositore frantsesaren Petite Suite izango da hurrengo obra, haren zati handi bat ezezaguna izan daba ere. Lan labur honek melodia sorta bat dakarkigu, arin eta dotore garatzen diren mugimendu txikiez osatuta. Izaera herrikoia duten melodiak bata bestearen atzetik datoz, harmonia iradokitzaileek babestuta. Azkenik, Maurice Ravel-en Ma Mère l’oye lana aurkeztuko dugu. Ipuinetan oinarritutako musika da, hala nola Mutil txikia edo Loti ederra. Jatorriz lau eskutara dago idatzita, pianorako, gerorago orkestratu eta zabaldu bazuen ere, Parisko Grand Théâtre-n ballet formatuan estrenatu zelarik. BIRAREN DATAK: 2024/02/16: Oteiza Museoa (Nafarroa) 2024/02/17: Círculo Logroñés (Logroño, Errioxa) 2024/02/18: Cultural Caja de Burgos (Burgos, Gaztela eta Leon)
Iruñea, Logroño eta Burgos